Tituluko hitz hori ez dator ez Sarasolaren hiztegian, ez Elhuyarren. Baina halaxe geratu naiz Juan Kruz Lakastak eta Zaldieroak Igandea gehigarriko Serio Demonio atalean kontatutako egiazko pasadizoa irakurrita. Hona:
"ETBren programazio aurkezpena, Iruñeko Baluarten. Ikuskizuna hasi aurretik, bi aktore pubikoaren artean. Pijama arrosa distiratsuz jantzita. Jendea zirikatzen. Jose Luis Morenoren ikuskarietako maritxuarena egiten: "Ui, Piluuuuuca, ze dotoooore etooorri zareeen". Halako batean, Julian Iantzi irten da eszenatokira. Haren lehen esaldia pijamadunei buruzkoa izan da: "Kasu, ikus-entzuleok, irrist egin gabe, gure lankideok olioa galtzen dute eta". Jarraian, Iantzik gala eusko-italiarra izanen dela azaldu, eta, girotzen hasteko, txistea kontatu du. Autobidean, italiar batek eta euskal herritar batek talka egin dute. Autoetatik jaitsi, eta sesioan hasi dira. "Vasco di merda", Italiarrak. "Hoa popatik hartzera!", euskal herritarrak. "Amodioaz gero hitz eginen dugu", italiarrak. Gero, Iantzik azaldu du ospatzen ari dena amodioaren gala dela, eta komeni dela eserlekuan alboetara begiratzea, amorante berria topa daitekeelako. Handik gutxira, Carlos Sobera igo da aulkietatik agertokira, esaldi biribila botatzeko: "Nik alboetara baino gehiago, atzera begiratu dut, amodioaren aitzakiarekin ez diezadaten ipurditik sar". Soberak ez du ezagutzen, baina haren atzean eserita egon dena Iruñeko homosexual militante ezaguna da. Gizona kezkatuta mintzatu zaie alboko lagunei: "Homofobiarena gutxienekoa da, okerrena da jendeak pentsa dezakeela Sobera gustatzen zaidala". Bistan denez, umore fina ez da falta".
Umore fina, salbuespenak salbu, oholtza gainean barik ikusleen artean sumatu dutela esanez eta han ikusitakoa Pajares eta Esteso artista espainiar zoldatsuen filmen parekoa dela esanez amaitu dute kronika.
Akaso, gidoilariek pentsatu dute hain zabar arituta irreberente izan direla, politikoki zuzenaren diktaduraren kontra altxatu direla. Torrente bezala. Baina ustezko irreberentzia horien oinarrian betiko jarrera erreakzionarioak somatzen ditut kukuka. Eta jarrera erreakzionario horien oinarrian gure gogo, joera, desio eta beldurrik intimoenak, algara ozenekin zapaldu ezean salto egiteko zain.