|
Gara 2006-05-05
Irati Jimenezek irabazi du Augustin Zubikarai saria
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa Irati Jimenez idazle mundakarrak irabazi du bosgarren deialdian. Bere lana, «Bat, bi, Manchester» izenburukoa, bi gizonen arteko ezinezko maitasun baten kontaketa da. Jimenezek 4.500 euroko saria jaso du, eta urrian kaleratuko dute eleberria.
Irati Jimenez Mundakan jaio zen 1977an, eta Barakaldon bizi da gaur egun. Edorta Jimenez idazlearen alaba da; Kazetaritza ikasi zuen eta EiTBn ordezkapenak egiten ditu. Bere eleberria hoberena izan zen epaimahaia osatzen zuten hiru idazleentzat: Kirmen Uribe, Xabier Mendiguren eta Miren Agur Meabe.
Manchesterrera joan zen gizonezko gazte euskaldun bat da kontalaria. Homosexual aitortua, itzultzailea da lanbidez eta idazle izan nahi du. Beste mutil euskaldun batekin banatuko du apartamendua. Adiskidetasun estu bat sortuko da bien artean, baina desira bete ezinaren itzala sumatuko da uneoro. Atzoko prentsaurrekoan, Miren Agur Meabek esan zuen Jimezen eleberria asko gustatu zitzaiola hasieratik. «Harreman baten istorioa da eta harreman horren bilakaera oso ondo azalduta dago. Ezinezko amodioa, homosexualaren eta heterosexualaren artekoa, ez da zeharo inposiblea sentimenduak aldakorrak direlako», esan zuen.
Izan ere, nobela horrek izaeraz oso ezberdinak diren bi pertsonak «elkarrekin egiten duten prozesua» agertzen du. «Nobela afektuen mosaiko baten moduan ikusten dut», esan zuen Meabek. Esaldi laburrak nagusitzen dira eleberri horretan. «Lehen pertsonako narratzailea idazlea da, edo idazteko bidean dago. Horregatik, batzuetan idazteko ezintasuna oso presente dago, baina ardatz probisionala da», esan zuen epaimahaikideak. Irati Jimenezek baieztatu zuen ideia hori. «Protagonista idazle izateko gogoarekin bizi da, baina bere buruari jartzen dizkio hainbat traba, konfiantza faltagatik agian aipatu zuen. Beraz, nobela hau idazteak nire mamuak uxatzeko balio izan dit. Izan ere, neuk ere idatzi nahi izan dut, eta idatzi dut luzaroan, baina inoiz bukatzen ez ziren istorioak. Protagonistaren bidez niretzat oso intimoak ziren gauza horiek kontatu ditut». Azken batean, egilearentzat, “Bat, bi Manchester” batetik, «maitasun inposiblearen istorioa» da eta, bestetik, «sormen posiblearen istorioa». Nobelak ezer esaten badu, agian batzuetan geure buruari jartzen dioguna oztopoa delako izango dela azaldu zuen.
Eleberri laburraren abantailak
BILBO
Hamaika lan aurkeztu dira Augustin Zubikarai sariaren aurtengo deialdira.
Ez dira asko, baina antolatzaileak konforme daude zenbakiarekin. Izan ere, eleberri laburra oso gutxitan erabiltzen den formatu bat da. «Irakurtzeko, eleberri laburra oso genero polita da. Baina idazleek ez dute gehiegi lantzen. Ipuinak badu tradizio bat, nobelak ere bai, baina erdi bideko horrek ez handiegia; nahiz eta oso gauza politak idatzi diren euskaraz eleberri laburretan», aipatu zuen Xabier Mendigurenek, Elkarreko argitaratzaileak. Dena den, Irati Jimenezek idazle berriak nobela laburrak idazte- ra animatzen ditu.
Izan ere, harentzat, ezustekoa izan da. «Ipuin laburrak idatzi ditudanean zailtasun handiagoak aurkitu ditut. Eleberri laburra idazterakoan, oso gustura sumatu dut neure burua. Hasieran ematen du ipuinak errazagoak direla, baina ez da horrela: zehaztasuna eska- tzen du, biribiltasuna eta maisutasuna». Eleberri laburrak, ordea, idazten zuen bitartean ikertu eta arakatzeko denbora utzi dio. «Nik baneukan istorio abiapuntu bat. Beste guztia horren harira etorri da».
Irati Jimenez: “Nik neuk idazteko izan ditudan zailtasunak protagonistaren bidez azaldu ditut”
Irati Jimenez (Mundaka 1977) izan da Augustin Zubikarai nobela laburren sariketako irabazlea, “Bat, bi, Manchester” eleberriarekin: bi gizonezkoren arteko harreman berezi baten kontaketa, eta aldi berean idazle izan nahi duen baten heltze-prozesua. Aurtengo urrian kaleratuko den nobelaz eta bere buruaz hitz egin digu solasaldi honetan.
"Augustin Zubikarai" nobela laburren lehiaketa irabazi berri duzu. Pozik?
Ezin pozago. Lehiaketa baterako idazten duzunean irabaztearen aukera hortxe dago baina oso aukera urruna zirudien eta ez nuen horretan gehiegi pentsatu nahi. Ezustekoa izan da baina pozgarria, benetan. Beste ezeren gainetik, neure buruan konfiantza irabaztea ez da sari txikia izan.
Orain arte zure izena kazetaritzarekin lotu izan da, ez literaturarekin. Aspaldiko zaletasuna duzu idaztea, ala berriki ekin diozu ala...?
Betiko zaletasuna da niretzat idaztea, eta kazetaritza bidean etorri den zerbait. Umetatik idazten dut baina urte askotan ez naiz gai izan ezer bukatzeko. Neure buruaren kritiko zorrotzegia nintzen eta hori oztopo ikaragarria zen. Konfiantza falta zitzaidan edo neure buruari gehiegi eskatzen nion, ez dakit. Baina ez diot sekula idazteari utzi, eta aspaldian lortu dut, nola edo hala, digestio luzea eginda, neure buruari atseden apur bat ematea. Zeure buruarekin zorrotza izatea ondo dago baina horrek idaztearen plazerra erabat uxatu zuen sasoi baten eta frustrazio gogorra zen.
Poesiarekin hasi ohi dira asko; ipuinekin beste hainbat; zu, berriz, nobela labur batekin. Entrenatzeko neurri egokia iruditu zaizu? Bestela ere maite duzun generoa da?
Kanpotik begiratuta iruditzen zitzaidan horixe zela egokiena, ipuinak idaztea. Laburrago zirenez, errazago izango zirelakoan. Eta idatzi ditut batzuk baina nire kasuan laburrago ez da errazago. Ipuinak eskatzen duen zehaztasunak, biribiltasunak eskatzen du halako maisutasun bat, uste dut. Ez zait erraz egiten. Nobela laburrean oso gustora aurkitu dut neure burua. Uste baino gustorago. Neure buruarentzat ere aurkikuntza izan da, ezustekoa.
Familian idazle-aurrekari ezaguna duzu. Ezinbestekoa dirudi eraginik izan duen galdetzea...
Irakurtzeko zaletasuna, idazteko gogoa, etxean ikusi ditut, jakina, baina ez dakit horren eragina neurtzen edo nondik datorren neure zaletasuna. Argi daukat ostera, aita idazlea dela, zentzurik sakonenean. Idaztea da benetan gustatzen zaiona, prozesu hori, horrek ematen duen plazerra. Eta hori niretzat eredugarria da. Beti sentitu dut nigan konfiantza itzela zuela baina neure distantzia eman dit. Neure ahotsa bilatzen nabil eta uste dut berak badakiela prozesu hori ez dela erraza eta ezin duela inork zeure partez egin. Pertsonala baino gehiago da, ia intimoa.
Gatozen nobelara. Bi gizonezko gazte, euskaldunak baina Manchesterren. Ezin esan autobiografikoa dirudienik. Nondik etorri zaizu ideia?
Ez dakit nondik etortzen diren ideiak! Baina badu autobiografikotik asko nobelak, nahiz eta idazten hasita konturatu ez. Nik neuk idazteko izan ditudan zailtasunak protagonistaren bidez kontatu ditut. Maitasun nobela da baina protagonista idazteko grina sentitzen duen gizona da, eta, bere buruarekin dituen borrokaldien erruz, idazteko ezinduta sentitzen dena. Eta beste pertsona batek beregan duen konfiantzak bere barruko mamuak uxatzen laguntzen dio. Horrek badu autobiografiatik asko, azalean ez bada ere.
Homo/hetero dikotomia da nobelaren motorra, baina sakonean maitasun ezinezkoaren gai unibertsala dagoela esan liteke, ezta?
Bai, argi. Azkenean hiru edo lau gai daude eta horiei bueltaka ari gara, ezta? Pertsona batek beste hau maite du eta uste du ez duela lortuko, mila aldiz kontatu da. Gizon askok idatzi dute emakumeen inguruan eta nik alderantziz, baina ez dakit zergatik erakartzen nauen ideia horrek. Agian emakumeok irakurtzen ditugun nobeletan, ikusten ditugun pelikuletan, beti gizonezkoen pertsonaia zoragarriak daudelako, eta askotan maitasun istorio ederrenak ere halakoak izan dira, gizonen artekoak, nahiz eta gehienetan sexu gabeak izan. Baina zentzu sakon baten maitasun historiak. Horiekin bizi gara eta horiek eraginda etorri da nobela, agian. Baliteke.
Atal oso labur eta kateatuen bitartez idatzi duzu, erritmo berezia emanez idazlanari. Aldez aurreko erabakia izan da, ala idatzi ahala sortu zaizuna?
Ez dakit kazetaritzak eraginda ala zergatik baina irakurlearentzat gauzak zuzen eta erraz kontatzeak kezkatzen nau. Bere arretari eutsi, hori nola egin. Eta ardura horrek eraginda uste dut sortu zela egitura. Oso atal laburrak dira gehienak, momentu baten irakurtzen direnak, ahalegin handirik gabe uste dut, baina ez dira erabat bukatzen, bakoitza hitz bat edo hitz pare baten bidez hurrengoarekin lotzen da eta, ondo egin badut, horrek eraman egiten zaitu batetik bestera.
Estreinaldi honen ondoren, idazten segitzeko asmotan?
Modu baten edo bestean beti idatzi dut. Hainbat nobela ditut idatzita buruan eta horietatik batzuk askatzen saiatuko naiz, bai. Ikusiko dugu. Idazten dudanak mereziko duen ez dakit baina ez dut ikusten idazteari uzteko modurik.
|