MILAKA LUMA, ALTXU GOGOAN
gaur egungo ekimen herrikoi bat
Larunbatean "Milaka luma, Altxu gogoan" jaialdia ospatu zen Oreretan. Altxu "Madelon" orain hilabate batzu zendu zen; Oreretan oso ezaguna zen, eta baita Euskal Herri mailan ere, EHGAMen baitan eginiko militantziari esker.
Oreretarrek eta Euskal Herri osotik nahiz kanpotik etorritako ehunka lagunek omenaldi beroa eskaini zioten larunbatean. Arratsaldeko 18.00etan Oreretako Niessen aretoan aktuazio laburrez eta Altxuren ahotsaren grabazio eta irudiez osatutako ikuskizun anitz bat eskaini zen, eta gaualdean afaria eta festa ehunka pertsona horientzat herriko alamedan atondutako karpa erraldoian.
Niessengo ikuskizunaren kasuan liluraturik begiratzen nituen taula gainetik pasatzen ari ziren aktuazio txiki guztiak: Pasaiako antzerki eskolako kideak Miguel Galindoren zuzendaritzapean, kabaret kutsuko aktuazioak, abestiak, musika, ihauteri giroa... Priscillaren oihartzuna lerro arteko hatsean, dena Altxu izandako gauza guztien lagin gisa: eromena, aldarrikapena, umore lasaia, askatasuna...
Sorpresa berezia eraman nuen Yogurinha Borova Bilbotarrarekin, haren urratsak jarraitzeko moduko artista harrigarri eta atsegina. Probokazio "osasuntsuari" uko egin gabe noski!!!
Horrelako ikuskizun bat ikustea ez ohiko gauza da. Ez ohikoa hasteko omenaldi bat delako, aretoa lepo dagoelako publiko gisa dena eman nahi duen jendearekin... baina gainera ikuskizun honek galdera ugari piztu zizkidan, izan ere, teknikoki eta eduki aldetik oso duina atera baitzen osotasunean (argiak, koordinazioa, soinua...).
Ikuskizun honen prestakuntzaren prozesua gertutik jarraitu ahal izan dut, eta lehenik eta behin euskaldunok (onerako edo txarrerako) etengabe autoantolatzeko dugun gaitasuna etortzen zait lehenik eta behin burura. Ideia eta helburua argi izanez gero (kasu honetan Altxu bezalako pertsona ezagun eta maitatua omentzeko nahia aski zen) izugarria da zelako erraztasunez banatzen den lana, sortzen diren lan taldeak, lan talde bakoitzak ekiten dion bere esparruko gauzak lotzeari. Ia zalantzarik gabe. Deialdi irekia egin zen prozesuaren hastapenean eta bertaratutako jendearen artean... nork ez zuen egin inoiz "zerbaitetan" lan, "mobidaren batean"? nork ez zuen antolakuntzari eskaintzeko moduko esperientziarik? batzuetan gustatuko litzaidake kanpoko jendea gonbidatzea holako bileretara, ikusteko benetan hau ez ote den hain "ez ohikoa", beste leku batzuei begira.
Ikuskizunaren kasuan ere halaxe izan zen. Gidoi orokorraren nondik norakoa argi zegoen, sentimendua eta eromen ukitu amankomuna, kabareteroa, besterik ez zen falta. Zinez, aspaldiko partez ekimen herrikoirik zintzo eta indartsuenean parte hartu nuelakoan nago (eta asko izan dira...), eta hitz hori azpimarratuko nuke: herrikoia.
Zer ote da gaur egun ekimen "herrikoi" bat? hain gaude ohituta ekiten, antolatzen, erantzuten, batzuetan magia sortzen denean (sormenaren magia, taula gaineko magia) konsziente izateko gaitasuna falta zaigula, irudipen hori daukat behintzat. Nork gordetzen du gaur egungo ekimen "herrikoien" kronika humanoa, artistikoa, ideologikoa, etorkizunari begira? batzuetan horretan pentsatzeak mereziko lukeelakoan nago, hori ere bada eta kultura, idatzi gabeko historia, beharrezkoa den memoria. Ekimen herrikoi baten ezaugarrietako bat sustraiak eta tradizioa hartuta aurrera egitea bada, gutxitan ikusi dut larunbatekoaren gisako ekimen herrikoirik: bertso ederrak, aurreskua, txistulariak, musika, dantza, eta nola ez, txalapartari trabestituak.
Agur eta ohore Altxu, ez zenuen gutxiago merezi
http://www.berria.info/blogak/oier/